2015eko ALBISTE ZIENTIFIKO-TEKNIKO ESANGURATSUAK

1.- BAIMENDUTA HIRU AITA-AMAREN ADNa DUTEN HAURTXOAK - (Otsaila)

Supernova

Gaixotasun mitokondrialen eraginez haurrak izateko arazoak dituzten bikoteak zorionekoak izan daitezke. Komunen Ganbera britainiarrak lege bat onartu du, eta, lege horren arabera, fetu bideragarri bat lortzeko hiru pertsonaren ADNa erabiltzen duen lagundutako erreprodukzio-teknika bat baimenduko da, hau da, haurtxoek hiru aita-ama genetiko izango lituzkete.

Gure ADNaren zatirik handiena gure zelulen nukleoan bilduta dago, baina zati txiki bat nukleotik kanpo dago, mitokondriak izeneko organuluetan. Sortzearen unean, espermatozoidea eta obulua elkartzen direnean, beren ADN nuklearra jartzen dute biek, baina mitokondrialaren ekarpena obuluak bakarrik egiten du. Organulu horien ADNko mutazioekin lotutako zenbait gaixotasun izaten dira, ADN hori ere funtzionala baita.

Aita-espermatozoideak bi obulurekin ernaltzean datza teknika hau, bata amarena eta bestea emailearena, bi enbrioi sortuz. Bien nukleoa ateratzen da eta aita-amek sortutakoa gordetzen da. Emailearen enbrioian sartzen da nukleo hori eta amaren umetokian ezartzen da ondoriozko enbrioia. Horrenbestez, ondoriozko enbrioiak hiru aita-ama genetiko ditu; ADN nuklearreko aita eta ama bana, eta ADN mitokondrialeko ama bat.




2-ESAren IBILGAILU ESPERIMENTAL BATEK ARRAKASTAZ BURUTU DU BERE MISIOA (Otsaila)

Supernova Supernova

ESA Europako Espazio Agentzia Lurrera itzultzeko gai den espazio-ontziaren prototipoarekin ari da lanean.

Otsailaren 11n, 14:40an, penintsulako orduan, IXV Intermediate eXperimental Vehicle ibilgailu esperimentala aireratu zuten, Europan garatu den ezaugarri horietako lehenengo prototipoa.

Kourouko Europar Espazio Portutik irten zen, Guyana Frantsesean, Vega europar jaurtigailuan. 348 km-ko altueran bereizi zen IXV ibilgailua kohetetik eta gorantz jarraitu zuen 412 km-ra iristeraino.

Ibilgailuaren birsartzea 7,5 km/s abiaduran egin zen, baina 20 minutuan abiadura hori gutxitu egin zen, 0,5 km/s abiaduraraino. 26 kilometroko altueran paraxutak zabaldu ziren, eta horri esker Ozeano Barean itsasoratu zen IXV ibilgailua, kalterik izan gabe.

Misioaren helburu nagusia balaztatze-sistema probatzea zen, atmosferara birsartzean ibilgailua babesteko gai zela egiaztatzeko. Dena, den, gidatze-sistema berria probatzeko ere aprobetxatu zen misioa, ontziaren itzulera autonomoa ahalbidetzen duen sistema alegia, baita hegalik gabeko euste aerodinamikoko diseinua ere.

Datu termiko eta aerodinamiko ugari jaso ziren prozesu guztian. Horretarako 300 sentsore baino gehiagorekin hornitu zen IXV ibilgailua, eta datu ugari hartu ahal izan zituen horri esker maniobrak iraun zuen 100 minutuan. Tarte horretan neurketak egin zituen presioari eta tenperaturari buruz, erantzun mekanikoa aztertu zuen, prozesu osoan tenperatura azaletik nola banatzen den jakiteko datuak hartu zituen infragorrien kamera batekin, eta abar. Ibilgailu berrerabilgarrien etorkizuneko diseinuak egiteko baliagarriak izango dira datu horiek.

Europak garatzen duen Lurrera itzultzeko gai den espazio-ontziaren lehenengo prototipoa dugu. Orain arte Europa buruan izan da sateliteak eta zundak diseinatzeari eta orbitan jartzeari dagokionez, baina ez zen hainbeste ikertu atmosferan birsartzeko teknologiaren inguruan.

Aipatzekoa da Europako 40 enpresak parte hartu dutela proiektu honetan, eta enpresa horietatik 5 espainiarrak direla.




3.- HADROIEN TALKAGAILUA BERRIZ ERE MARTXAN - (Apirila)

Supernova

Beharrezko birmoldaketa teknikoa egiteko bi urteko geldialdiaren ondoren, abian da berriz ere CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren LHC partikulen azeleragailu handia. Fase berri honetan 13 teraelektroivoltean (TeV) funtzionatuko du (14 TeV-raino iristeko diseinatua izan zen), aurreko etapan lortu zuen energiaren ia bikoitza.

LHCaren eraztun handitik protoi sortak dabiltza, argiaren ia abiadura erdian, eta aurrez aurre talkarazten dira sortzen eta suntsitzen diren partikulak aztertzeko. Horrela existitzen den guztiaren funtsezko osagaiak ezagutu nahi dira, eta osotasun hori arautzen duten legeak ere bai.

LHCa osatzen duten imanetako batean izandako zirkuitulabur batek atzerapena eragin zuen makina hau abiarazteko, baina maiatzaren bukaera-alderako hasi ziren partikulen arteko talkak izaten beste edozein esperimentutan orain arte lortutakoak baino energia handiagotan. Ekainerako, moldaketa batzuen ondoren, datuak erregularki hartzen hasi ziren.

Etapa berri horrek, uztailean, pentaquark-aren aurkikuntza ahalbidetu zuen, duela mende-erdi jada aurreikusitako partikularena. Esperimentuaren emaitzen arabera, maila azpiatomikoan materia antolatzeko beste modu bat dagoela egiaztatu ahal izan da. Ezagutzen dugun materia beste modu batean antolatzen da, eta, hori horrela, neutroiak eta protoiak hiru quark-ek osatzen dute, beste partikula batzuk quark bikoteek osatzen dituzte, baina beste aldaera batzuk egon zitezkeela bagenekien ere, inoiz ez genituen ikusi.

Aurkikuntza horren ondoren laster itzuli ziren arazoak, LHCa osatzen duten imanetan kaltea saihesteko babes-sistemak hozketa-akatsen bat izan du, eta geldialdi tekniko bat eragin du horrek. CERNek jakinarazi duenez, talkagailua abiarazteko eta LHCan doikuntzak egiteko urte gisa zegoen pentsatua 2015. urtea, eta datuak produzitzeko esperimentuak, aldiz, 2016., 2017. eta 2018. urteetarako programatuta daude. Ikusiko dugu zer ekarriko digun mundu azpiatomikoak hastear gauden urte honetan.




4.- NEW HORIZONS ZUNDA PLUTOIRA IRITSI DA – (Uztaila)

Supernova

New Horizons zunda 2006ko urtarrilaren 19an abiarazi zen Cabo Cañaveral-etik, Floridan, Atlas V551 jaurtigailuan. Jupiterrera hurbildu ondoren, 2007an, haren grabitazio-indarra aprobetxatu zuen azeleratu eta bere ibilbidea zuzentzeko, Plutoneraino eta haratago iristeko!! 2015eko uztailaren 14an iritsi zen bere helmugara, Plutonetik eta Caronte haren satelite nagusiaren punturik hurbilenera.

Planetatik 12.500 kilometrora hurbildu zen, eta tarte hori nahikoa izan zen planeta nano horren eta haren ilargi nagusiaren –proportzioan, Eguzki Sistema osoan bere planetarekiko satelite handiena denaren– argazki harrigarri batzuk eskaintzeko.

Zundak datuak igortzen jarraitu badu ere eta Lurrean datu horiek interpretatzen jarraituko badugu ere, esan dezakegu Plutonek geologikoki aktibo jarraitzen duela, edo horrela egon dela orain dela gutxi arte. Plutongo Bihotza deritzona, planetaren azaleran ikus dezakegun bihotz formako orban hori, ordoki izoztuen eta kraterrik gabeko hedadura handi bat da, duela 100 milioi urte “bakarrik” sortutakoa. Gainera, baieztatuta dago Plutongo gune batzuk osatzen dizuten glaziarretan ura eta osagai organikoak daudela, eta horrek bidea zabalik uzten dio irudimen zientifikoari.

Orain zundak bere bidea jarraitzen du Kuiper Gerrikoan barrena, eskualde horretako beste mundu txiki batzuk aztertzeko. Pluton eta haren ilargiei buruz lortutako informazio guztiak, baita bere bidean aurkituko dituen helburuenak ere, gure Eguzki Sistemaren hastapenak hobeto ezagutzen lagunduko digu, gure Eguzkiaren sistemaren osaketaren erlikiatzat hartzen baitira.




5.- Homo naledi, BESTE HOMINIDO BAT FAMILIARAKO – (Iraila)

Supernova

Apurka-apurka gure zuhaitz genealogikoa osatzen eta berregiten ari gara. Aurtengo irailean, Homo naledi espezie hominidoa aurkitu zuten Rising Star haitzulo-sisteman, Hego Afrikan. University of the Witwatersrand ikastegiko ikertzaileek (Johannesburgo, Hego Afrika) eLife aldizkarian argitaratu zuten 15 gizabanakoren 1.500dik gora fosilen aurkikuntza, eskeleto guztiko hezurrenak. Aurkikuntza hori zera da National Geographic erakundearen ustez, “inoiz ez bezalako informazio-bilketa gizakiak Afrikako kontinentean izandako bilakaera goiztiarrari buruz”, bildutako hondakin gehien dituen hominido espeziea baita.

Aurkitutako emaitzek ez dute ahalbidetu datazio fidagarririk egitea, eta datuen ezarpen filogenetiko zehatza ere ezin izan da finkatu. Aurkitutako hezurren aniztasun handiari esker, espezie berri honen ezaugarriak zehaztu ahal izan dira; zenbait ezaugarri anatomikok lehen Homoengandik hurbil jartzen dituzte (Homo horien antzinatasuna 2,5 milioi urtekoa dela kalkulatzen da), eta beste batzuek, aldiz, antzekotasun handiagoak dituzte Australopithecusekin (Homo generoaren aurrekoak). Badakigu batez beste 45 kg pisatzen zutela eta 1,5 metro neurtzen zutela gutxi gorabehera, eta haien garezur-edukiera 500 cm3 inguru zela (egungo Homo sapiens sapiensaren garezur-edukiera 1600 cm3 da).

Aurkikuntzek iradokitzen dutenez, hominido horiek nahita laga zituzten aurkitutako aztarnategian, baina hipotesi horrek talka egiten du zientziaren ideiarekin, hau da, lurperatzeak gizaki modernoek edo Neandertalek egiten zituztela soilik.

Gure zuhaitz genetikoa aldatu behar izateaz gain, gure zenbait ohituraren jatorriaren datazioa ere aldatu beharko al dugu?




6.-SUPERILARGIAREN EKLIPSE OSOA – (Iraila)

Supernova

Superilargiaren eklipse osoa izan zen irailaren 28an. Baina, zer da Ilargi-eklipse bat eta zer da Superilargi bat?

Ilargi-eklipsea gertatzen da Ilargiak zeharkatu egiten duenean Lurrak espazioan proiektatzen duen itzala. Hori ilbetean gertatzen da beti, nahiz eta horrek ez duen esan nahi ilargi betea dagoen bakoitzean eklipse bat izango denik. Ilargiaren orbitak 5º inguru aldatzen du bere inklinazioa Lurrarekiko, eta aldakuntza horren ondorioz bi orbitak gurutzatu egiten dira noizean behin, eta orduantxe gertatzen dira eklipseak. Orbita-gurutzatze horiek zenbait aldiz geratzen dira urtean zehar.

Gainera, eklipsearen egunean beste zerbaitek ere kointziditu zuen, Lurretik ohikoa baino posizio zertxobait hurbilagoan baitzegoen Ilargia bere orbitan, perigeoa deitzen diogun egoeran. Ilargiaren eta Lurraren arteko batez besteko distantzia 384.000 kilometrokoa da, baina Ilargiaren optika zertxobait eliptikoa denez, gehieneko distantzia 406.700 kilometrokoa izatera iritsi liteke eta gutxienekoa 356.400 kilometrokoa. Oraingoan, Ilargia 360.700 kilometrora zegoen eta hurbilketa horri esker, ohikoa baino % 14 handiagoa zirudien, eta horregatik esaten zaio Superilargia, hain zuzen ere.

Bi fenomenoak udazkeneko ekinokzioaren egunetik oso hurbil izan ziren, eta egun horretan normalean izaten diren marea biziak oraingoan are biziagoak izan ziren gure satelitearen hurbiltasun handiaren ondorioz.

Bi zirkunstantzia horiek (ilargi betea eta perigeoa) ez dira sarritan aldi berean gertatzen; Superilargiaren azken eklipsea 1982. urtean izan zen, eta horrelako beste bat ez dugu berriz ikusiko 2033. urtera arte.




7.- MARTEN UR LIKIDOA DAGOELA EGIAZTATU DU NASAK – (Iraila)

Supernova

NASAren Mars Reconnaissance Orbiter (MRO) zundaren azken aurkikuntzek beste ezerk baino sendoago eta argiago erakutsi dute gaur egun Marteri aldizka ur likidoa dariola.

Mineral hidratatuak detektatu dira zenbait mendi-hegaletan, azaleko zain ilunetan. Zain ilun horiek agertu eta desagertu egiten dira denborarekin. Dirudienez mineral hidratatuak mendi-hegal aldapatsuetatik erortzen dira udan eta desagertu egiten dira neguan; Marteko hainbat lekutan ikusi izan dira tenperaturak zero azpitik 23ºC gora igotzen direnean, eta desagertu egiten dira garai hotzagoetan. Detektatutako gatz hidratatuek izozketa-puntua jaisten dute, gatzak izotza eta elurra errepideetan bizkorrago urtzea eragiten duen bezala, hemen Lurrean.

Marra ilunak jariatzen dira Gami Kraterretik Marten. HiRISE (Bereizmen Handiko Irudien Zientzia Esperimentua) aparatuaren irudietan oinarrituta hartutako argazkia, NASAren Mars Reconnaissance Orbiter kameratik. Detektatutako osagaiak perkloratoak dira. Frogatu denez, zenbait perkloratok izozketa-puntua jaitsi egiten dute zero azpitik 70ºC-raino. Lurrean, berez sortzen diren perkloratoak basamortuetan kontzentratzen dira.

Perkloratoak aurretik aurkitu zituzten Marten, Phoenix zein Rover Curiosity ibilgailuek planetaren lurzoruan aurkitu zituzten. Dena dela, orain detektatutako perkloratoak forma hidratatuan ageri dira, eta beste gune batzuetan detektatu dituzte, aurrekoak aurkitu zituzten guneekin alderatuta. Aurrekoak ez bezala, perklorato horiek MRO orbitagailutik detektatu dira, espaziotik.

Marten ur likidoa aurkitzea planeta horretara egindako esplorazio-misio ugariren gailurra da, eta misio gehiago izaten ari dira orain ere.




8.- HAR MINBIZIA? – Har parasito batek minbizia eragin dio giza ostalari bati

Supernova

2013ko urtarrilean, Medellingo Carlos Agudelo doktoreak (Kolonbia) sukarra eta arnas sintoma orokorrak zituen 41 urteko paziente bat hartu zuen bere kontsultan. Ebaluatu ondoren, zelula-formazio bitxi batzuk detektatu zituzten haren birika eta ganglioetan, oso bizkor zabaltzen ari ziren tumoreak. Baina zerbait arraroa ari zen gertatzen, tumoreen zelulak ez ziruditen gizakienak zirenik eta azkenean tumore horien jatorria minbiziarekin gaixo zegoen har parasito bat zen!

Pazientearen sistema immunea GIB Giza Immunoeskasiaren Birusak ahulduta zegoen eta har lau parasitoak ostatatzen zituen barruan (Hymenolepis nana, teniaren antzekoa), eta har lau horiek minbizia zuten eta haien zelula minbizidunak bere gorputzetik zabaldu ziren gaixotasuna hedatuz eta heriotza eraginez hilabete gutxian.

Oraingoz, kasu hau bakarra izan da, ezagututakoa behintzat, baina zalantzak eragiten ditu ea kasu gehiago izan daitezkeen, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeetan, parasito-infekzioen intzidentzia handiagoa baita, sistema immunea konprometituta duten GIBaren eramaileen intzidentzia bezalaxe. Orain arte jakina zen zenbait infekzio-agente, hala nola giza papilomaren birusa, gai direla giza zelulak kaltetzeko, zelulak kontrolik gabe ugaltzea eta minbizia ekartzea eraginez, baina ez zen dokumentatu kasurik zeinean beste animalia baten zelula minbizidunak kokatzen eta ugaltzen diren giza ostalari batean tumore bat sortu arte.




Eta gogora ekarri nahi dugu… OLIVER SACKS NEUROLOGO ETA DIBULGATZAILE ZORAGARRIA HIL DELA

Supernova

Abuztuaren 30ean hil zen Oliver Sacks neurologo eta dibulgatzaile handia, bere bizitza pertsonal zein profesionala eman zuen giza adimenaren funtzionamendua ulertzeko, eta beren minak tratatzeko neurologiaren premia duten pertsonak artatzen eta haiek ulertzen. Gizakiok pertsona ezberdintzat hartzen ditugunak milioika irakurleri hurbiltzea lortu zuen, eta modu atsegin eta entretenituan ulertarazi zigun giza adimenaren konplexutasuna, eta horrek pertsonek beren inguruko munduari nola egiten dioten aurre ulertzen lagundu zigun.

Emaztea kapela batekin nahastu zuen gizona, Antropologo bat Marten edo Haluzinazioak, gurean argitaratutako azken lana, haren lanaren adibide bakan batzuk baino ez dira, eta zalantzarik gabe, merezi du obra hori irakurtzea, narrazioak zein atseginak diren kontuan izanda. Baina beharbada, haren obra ezagunenetako bat Iratzarraldiak (“Awakenings”) lan zinematografikoa izan zen, Robbin Williams aktoreak interpretatutakoa, izenburu bereko liburua pantaila handira eraman zuena, eta, haren obra guztiak bezala, haren pazienteen benetako kasuetan oinarritutakoa.

Otsailean iragarri zuen bere gaixotasuna; zenbait urte lehenago izan zuen begi-minbizi baten ondorioz (begi bateko ikusmena galtzea eragin zion) gibelean eragindako metastasi terminal bat. Min horrek ez zion eragotzi bere memoriak eta hainbat testu idaztea, eta bere kasuekin lan egiten jarraitzea bere bizitzaren amaieraraino.