2018ko berri zientifiko-teknologiko garrantzitsuenak Eureka!ren eritziz

21 Abenduak 2018, 5:24 pm
Published in Blog
Read 263 times

NOTICIAS CIENTÍFICO-TECNOLÓGICAS MÁS RELEVANTES DEL 2018 SEGÚN EUREKA!

SUPERREROANKORTASUNAREN BILA

Cambridgeko MIT Massachusettseko Institutu Teknologikoan Pablo Jarillo-Herrero espainola buru zuen ikertzaile talde batek aurkitu berri duenez, bi geruzako grafeno biratua (angelu magikoa deitu dioten angelua dauka) superreroale bihurtzen da tenperatura altu samarretan (140 gradu gutxi gorabehera zero absolutuaren gainean, hau da, -140 ℃-tan!). Intuitiboki tenperatura horiek izugarri baxuak badira ere, kontuan hartu behar da gaur egun ezagutzen ditugun superreroale gehienek zero absolututik (-273 ℃) gertuko tenperaturetan bakarrik funtzionatzen dutela

Konputazionalki modelatzen erraz samarra den sistema bat denez (grafenoa bi dimentsioko xafla bat baino ez da, hexagonalki kokatutako karbono-atomoz osatua), aurkikuntza horrek sekulako aurrerapausoa suposatzen du giro-tenperaturan eroaleak izango diren materialen azterketa eta bilaketaren alorrean; izan ere, ez dezagun ahaztu, energia galdu gabe elektrizitatea garraiatzeko aukera emango lukete.

OBJEKTU BAT GUZTIZ IKUSEZIN BIHURTZEA LORTU DUTE

José Azaña espainola buru zuen Kanadako ikertzaile talde batek objektu bat guztiz ikusezin bihurtzea lortu du, espektro ikusgaiaren frekuentziez, hau da, ikus dezakegun argiaz, argiztatzean.



Lehendik ere objektu bat ikusezin bihurtzea lortu zuten, baina betiere ongi zehaztutako frekuentzia-tarte bat erabiliz gero. Alabaina, ikusezintasun-gailu horiek frekuentzia jakin baterako diseinatuta zeuden soilik, eta huts egiten zuten objektua beste frekuentzia bateko argiarekin argitzean. Aurkikuntza honek arazo hori konpontzeko aukera eman du, eta zientzialariek lortu dute objektu bat ikusezin bihurtzea ikusgai dugun argiaren eraginpean, hau da, askotariko frekuentzien espektro zabal baten eraginpean. Erabilitako teknikari ikusezintasun espektraleko geruza esaten zaio, eta epe laburrean aukera emango ez badigu ere Harry Potterrena bezalako ikusezintasun-kapa bat sortzeko, agerian uzten du zientziak eta teknologiak zeresan handia dutela magia benetako mundura ekartzeko.

NEUTROI-AZELERAGAILU LINEAL BAT SORTU DUTE MATERIAN EZKUTATUTAKO SEKRETUAK AZTERTZEKO

Herritarren eta erakundeen kontzientziazioa funtsezkoa da, materia askok oraindik ere beren egituren azpian gorde dituzten propietate izugarriak aurkitzen jarraitzeko. Ildo horretan, neutroi-azeleragailu lineal berria sortu dutelako berria pozgarria izan da benetan, 2023ko erdialderako Suediako Lund hirian proiektatuko dena. Proiektuak 1.850 milioiko aurrekontua dauka, gutxi gorabehera, eta europar esparruko hamahiru herrialdek baino gehiagok lagunduko dute ekimenean. Albiste bikainak dira, gaur egun zientzia-fikzioak soilik sor ditzakeen material berriekin amets egiten jarraitzeko aukera ematen duten neurrian.

Izenak berak dioenez, neutroi-azeleragailu bat makina izugarri sofistikatu bat baino ez da, neutroiak ia abiadura erlatibistetan (argiaren abiaduran) azeleratzeko aukera ematen duena. Neutroiak oinarrizko partikulak dira, karga elektrikorik ez dutenak. Behin azeleratu ondoren, materian sar daitezke materiari kalte egin gabe, eta haren konposizio atomiko eta molekularra erakutsi diezagukete. Albiste honen norainokoa ulertzeko, partikula-azeleragailu berri horrek minbiziaren aurkako farmako espezifikoak diseinatzeko bidea ireki lezake; energia-dentsitate handiko material berrien gainazala aztertzeko aukera emango luke, egun baino autonomia handiagoa izango duten auto-bateriak egin ahal izateko; eta beste hainbat gauza aurkitzeko atea irekiko luke.

OZTOPOAK CRISPR TEKNIKAREN BIDEAN

Edizio genetikoak bere pazienteen immunitate-defentsekin egin du topo.

CRISPR teknikak itxaropen handiak eskaintzen ditu hainbat gaixotasunentzat, besteak beste, “gaixotasun bitxientzat”. Gaixotasun genetiko bat eragin duen sekuentzia aurkitu, detektatu eta moztu egin behar da, haren ordez sekuentzia zuzen bat jarriz. Prozesu hori aurrera eraman ahal izateko, Cas9 endonukleasa izeneko proteina bat erabiltzen da nagusiki, kaltetutako DNA ebakitzeko ardura hartzen duena. Proteina hori Staphylococcus aureus edo Streptococcus pyogenes bakterioetatik eratortzen da normalean, biek ere, sarritan, gizakiongan infekzioak eragiten dituztelarik.

Cas9 proteinaren jatorrian dauden bakterioen eraginpean luze egote horrek esan nahi du pertsona askoren immunitate-sistemak hari eraso egiteko antigorputzak garatu dituela. Zientzialariek bazekiten gure gorputzetik kanpoko edozein proteinaren erabilerak immunitate-sistemaren erantzun bat ekar lezakeela berekin, batez ere teknika hori bigarren aldiz erabiltzen zenean. Ez zekitena zen pertsona askok ez zutela onartuko lehen aplikazio terapeutikoan, haien immunitate-sistema aldez aurretik kontaktuan zegoelako proteina horren eramaile ziren mikroorganismoekin.

LEUZEMIAREN GENOMAK NOLA DIHARDUEN ARGITU DUTE

Giza osasunarentzat laguntza handikoak diren ikerketekin aurrera eginez, maiatzean Nature Medicine aldizkariak argitaratu zuen Kataluniako ikerlariek leuzemia linfatiko kronikoaren epigenoma* osoa argitzea lortu zutela, eta kontuan hartzekoa da leuzemia mota hori ohikoena dela.
Azterlan hori funtsezkoa da, lehen aldiz aztertu delako leuzemiarekin zerikusia duen informazio molekular osoa, DNAra edo haren eragile diren geneetara soilik mugatu gabe. Genomaren sekuentzia zein den jakitea ez da nahikoa, haren funtzioak zein diren era nola erregulatzen den ere jakin behar da, eta, horretarako, geruza epigenetiko guztiak aztertzea beste biderik ez dago.

Epigenomak informazio asko eta asko gorde du, eta horregatik, aurrerapen hau lortzeko, Bartzelonako Superkonputazio Zentroak hiru urtez jardun behar izan du datuak tratatzeko lanetan, leuzemiaren mapa funtzionala osatzea ahalbidetu duen informazioa lortu arte.

*Epigenomaren osagai kimikoek genoma aldatzen edo markatzen dute, zer egin, non egin eta noiz egin agintzeko moduan. Gorputzaren zelulek hainbat marka epigenetiko dauzkate, DNAren parte izan gabe ere zelulak banatzean zelula batetik bestera —eta, beraz, belaunaldi batetik bestera— transmiti daitezkeenak.

ZIENTZIALARIEK LEHEN ALDIZ LORTU DUTE UGAZTUN BATEN LARRUAZALA ‘IN VIVO’ ERREGENERATZEA.

Arrabioak, axoloteak eta beste hainbat animalia beren gorputzaren organoak erregeneratzeko gauza dira, larruazala barne. Ugaztunok, aldiz, ez gara gauza, inondik inora, kaltetutako organoak edo organo zatiak birsortzeko. Fikzio-zientziako pelikulakoa litzateke arrabioak bezala, galdutako gorputz-adarrak erregeneratzeko gauza izatea, edota ebakitako bihotzaren zati bat berreskuratzeko gai izatea, zebra-muskuiluek egiten duten bezala.
Orain artean, medikuntza erregeneratiboak animalia-zelulak lortu (batzuetan, pazientearengandik), gorputzetik kanpo (“ex vivo”) birprogramatu, beharrezko ehunetan haien bereizketa erraztu eta gorputzean ezartzen zituen. Irailean iritsi zitzaigun ikerketak, berriz, prozesu hori guztia saguetan “in vivo” egitea lortu du, hau da, gorputzaren barruan, zelulei esker organoa —larruazala, kasu honetan— gorputzaren barruan ugaldu eta erregeneratu delarik. Ezbairik gabe hori gizakiongan aplikatzeko aukera izango balitz egundoko aurrerapena litzateke medikuntza erregeneratiboaren eremuan, erredura handien eta larruazaleko ultzera eta gainerako zauri larrien tratamenduan aurrera egiteko aukera emango lukeelako, baita, agian, larruazala zahartzearen aurkako tratamenduan ere.

LURREAN BIZI IZAN ZEN LEHEN ANIMALIA EZAGUNAREN FOSILA AURKITU DUTE

Aurten, Errusiako ipar-ekialdean, itsaso zuriaren urruneko eremu batean, zientzialari talde batek Dickinsonia izeneko organismo misteriotsu baten fosila aurkitu zuen. Interesgarriena zera izan zen, hondar fosilek kolesterol-molekulak zeuzkatela oraindik ere, koipe mota hori animalia-bizitzaren bereizgarria izanik. Australiako Unibertsitate Nazionala buru zuen zientzialari talde batek hondarrak sakonetik aztertu ditu, eta, ondorioztatu dutenez, ale hau erregistro geologikoan berretsitako lehen animalia da, azterlana zuzena bada, animalia hori lurrean orain 558 milioi urte bizi izan zelako.

Antza denez aurkikuntza horrek behin betiko amaiera emango die espezie hain ikoniko horren izaerari buruz sortu diren eztabaiden zerrenda amaigabeari. 1947. urtean lehen fosilak aurkitu zituztenez geroztik, Dickinsonia likenen familiakotzat jo izan dute, baita protista erraldoien familiako kidetzat ere.
Azkenik, nabarmentzekoa da Dickinsonia Ediakarikoko biota —aro interesgarrienetako bat eta ulertzen zailenetako bat, gaur egungo paleontologoentzat— izugarri interesgarriaren parte dela.

LURREKO KRATERRIK HANDIENETAKO BAT AURKITU DUTE

Groenlandiako izotz-geruza trinkoaren azpian ezkutaturik, 38 km-tik gorako diametroko eta 320 m-ko sakonerako krater bat aurkitu du zientzialari talde batek. Haren tamainaz ideia bat egiteko imajinatu behar dugu Madrilen edo Bartzelonaren tamainako hiri osoak sar litezkeela zuloaren barruan.
Krater izugarri hori 1 km-tik gorako diametroko burdinazko meteorito baten talka bortitzaren ondorioz sortu zela dirudi. Dirudienez, lurraren kontra jo zuen, segundoko 20 km-ko abiaduran, gutxi gorabehera. Munduko 25 krater ezagun handienetako bat da, baita berrienetako bat ere, Lurraren aurkako talka, gutxi gorabehera, orain 12.000 urte gertatu zela uste baita. Nolanahi ere, azken datu hori egiztatzeke dago oraindik ere, eta zientzialarientzat hurrengo pausoa izango da kraterraren adin zehatza kalkulatzea, orain darabilten tarteak Pleistozeno osoa hartzen duelako, orain hiru milioi urtetik, gutxi gorabehera, orain 12.000 urtera bitarte, azken izotz-aroaren amaierara arte alegia. Garrantzi handikoa izango da inpaktua datatzea eta kraterraren adina zehaztea, ia segurutzat jo daitekeelako meteoritoaren talkak lurreko klimaren egundoko aldaketa ekarri zuela berekin.

BI GIZA ESPEZIEREN ARTEKO SEXUAREN ONDORIOZKO LEHEN ALABA AURKITU DUTE


Abuztuan jakin genuenez, orain 50.000 urte bizi izan zen emakume nerabe siberiar baten hondarretan egindako azterketa genetikoek berretsi zuten haren gurasoak emakume neandertal bat eta Denisovako gizon bat (garai hartan Denisovako kobazuloen eremuan bizi zen gizaki bat) izan zirela. Lehenagotik ere bagenuen neandertalen, denisovarren eta beste gizaki modernoen arteko harremanen eta haien ondorengoen berri, baina Altaiko mendien ondoan aurkitutako emakume hibrido horren hezurrak dira harreman horien lehen ebidentziak.
Nabarmentzekoa da planetan gaur egun bizi garen ia gizaki guztiok neandertalaren DNA dugula genoman, espezieen arteko gurutzatze errepikatuen adierazgarri. Juan Luis Arsuaga paleontropologoaren arabera, ez dirudi neandertal eta denisovarren taldeek eta giza taldeek bat egin zutenik, eta beraz, ziurrenik, gene-nahasketa hori etorri zen espezie horietako indibiduoen arteko harreman puntualen ondorioz.

ESNE BIDEAREN ERDIAN ZULO BELTZ SUPERMASIBO BAT DAGOELA BERRETSI DA

Astronomoek berretsi dute gure galaxiaren erdian zulo beltz supermasibo bat dagoela: Sagittarius A*.

Gogora ekar dezagun zulo beltza masa-kantitate itzela duen objektu bat dela, eta, egundoko grabitate-eremua duenez, ezein materiak —ezta argiak ere— hartatik ihes egiteko aukerarik ez duela.
Grabitatearen efektuak gure galaxiaren zulo beltzetik hurbil neurtzeko helburuarekin, Txilen kokatutako Very Large Telescope-ren GRAVITY tresna erabili zuten zientzialariek. Horrela, S2 izeneko izar txiki baten mugimendua aztertuz, Sagittarius A* zulo beltzaren inguruan orbitatzeko 16 urte baino ez duela behar ikusi dute. Egin dituzten neurketen arabera, argiaren abiaduraren % 30eko abiadurarekin mugitzen da izarra, gutxi gorabehera. Einsteinek erlatibitatearen teoria orokorrean egin zuen iragarpenarekin bat dator hori. Horren arabera, objektu batek (S2 adibidez) zulo beltz bat orbitatuko zuen, azken horren masa Eguzkiaren masa baino 4 milioi aldiz handiagoa izanik.

ILARGIAREN GAINAZALEAN URA IZOZTUA DAGOELA BERRETSI DUTE

Hawaiiko eta Browngo Unibertsitateetako talde batek Ilargiaren gainazalean ur izoztua zegoela berretsi dute 2018an. Talde horrek “Moon Mineralogy Mapper (M3)” tresnaren datuak erabili zituen horretarako. 2008an, NASAk diseinatutako tresna horrek sateliterainoko bidaia egin zuen, Indiako Chandrayaan-1 espaziontzian.
Ilargiaren errotazio-ardatzaren inklinazioa txikia denez (1,5º), Eguzkiaren argia ez da sekulan poloetako eremu batzuetara iristen, eta beraz krater batzuk itzalpean daude beti, tenperatura hotz-hotzen eraginpean, betiere -156 ºC-ren azpitik. Tenperatura horren eraginez, milioika urtean izotza metatu da, eta horrek esan nahi du litekeena dela “ikusitako” ur izoztua aspaldiko ura izatea azken batean.
Ur izoztua modu desberdinean banatu da hemisferio bakoitzean. Zati handiena hego-polotik gertuko kraterretan kontzentratu da. Ilargiko ipar hemisferioan, aldiz, izotza oreka handiagoz banatu da, dentsitatea askoz ere txikiagoa bada ere.
Ilargian ura egon zitekeelako susmoa indarrean zegoen arren, erradiazio infragorria erabiliz haren xurgapena neurtu ondoren desagertu dira uraren edo OH multzoen existentziaren inguruan zeuden zalantza guztiak.
Atzemandako kantitatea txikia da. Eguzki-erradiaziotik babestutako itzalguneen % 3,5ean baino ez da izotza detektatu, eta horrek esan nahi du ilargiaren gainazala askoz ere lehortuago dagoela lurreko beste edozein basamortu baino. Nolanahi ere, azaleko ur-gordailu horiek laguntza handikoak izan litezke etorkizunean espaziora egin litezkeen misioetarako.

AURKIKUNTZA HANDIAK MARTE PLANETAN

2018ko uztailean, ESA Europako Espazio Agentziak Marte planetaren inguruan orbitatzera bidalitako Mars Express zundaren datuak aztertu ondoren, astronomoek iragarri zuten ozeano likido bat zegoela Marteko hego polotik gertuko eremu baten gainazalaren azpian. Lakua gainazaletik 1,5 km-ra egongo litzateke gutxi gorabehera. Gutxienez metro 1eko lodiera izango luke, eta 20 km-ko zabalera, gutxi gorabehera. Lakuak gatz asko edukiko lituzke, -68ºC-ko tenperatura izugarri hotzetan mantendu ahal izateko. Ur likidozko laku horren existentzia garrantzi handikoa izango litzateke etorkizunean Martera misio tripulatu bat bidaltzeko.
Laku hori detektatzeko 3 behaketa-urte behar izan ditugu MARSIS tresna erabiliz. Azalera seinale bat bidaltzen duen radarra da. Dauden materialen arabera, seinaleak bateko edo besteko errebotea egiten du eta distira desberdina ematen du, ur likidoa distiratsuena izanik.
Horrela ur likidoa lehen aldiz aurkituko litzateke planeta gorrian, nahiz eta Marten ur izoztua bazegoela berretsita zegoen lehendik ere. Marteko poloetan egongo lirateke ur-biltegiak, baita ekuatorearen eremuan ere.
Urtearen erdialdean Marteren ingurukobeste albiste garrantzitsu baten berri izan genuen. Nasaren Rover Curiosityk Marteko gainazalean molekula organikoak aurkitu zituen, ikatzean edo petrolioan dauden molekulen antzekoak. Molekula horiek 3.500 milioi urteko antzinatasuna dute, gutxi gorabehera, eta orain milaka urte Marten egon zitekeen bizitzaren elikagai izan zitezkeen. Alabaina, Marteko gainazaleko aurkako baldintzek konposatu horiek asko degradatu dituzte, eta ezinezkoa da bizidunen antzinako hondarrak ote diren jakitea. Egia esan, orain 3.500 urte Marte planeta Lurraren oso antzekoa zela dirudi, eta litekeena da bizitzak bertan aurrera egin izana.
Gainera, eta Marteko hiru urte (Lurreko 55 hilabete) aztertu ondoren, Curiosityk aurkitu du, halaber, metano-molekula urtaroz urtaro nabarmen aldatzen dela. Haren kontzentrazioa Marteko ekinokzioetan handitzen da (hiru aldiz ere), eta solstizioetan aldiz, murrizten. Oraindik ez dakigu metano hori nondik datorren eta haren zikloaren arrazoia zein den, baina aztertu egin beharko genuke, Lurrean metanoa prozesu biologikoei lotzen zaien neurrian.

VOYAGER 2 ZUNDAK EGUZKI-SISTEMA ABANDONATU DU

NASAk ofizialki berretsi du Voyager 2 zundak Eguzki Sistema abandonatu duela. Voyager 2 zunda 1977 urtean jaurti zuten, eta, lau hamarkadatik gora Eguzki Sistema esploratzen eman ondoren, azkenean bere aurrekoa den Voyager 1 zunda harrapatu du. Biak ere heliopausaren kanpoaldean daude dagoeneko.

Eguzki-haizeak izarrarteko ingurunearekin edo beste izar batzuetatik eratorritako izar-haizearekin bat egiten duen puntua da heliopausa. Heliopausaren barruan, heliosferan, erradiazioa txikiagoa da haren kanpoko izpi kosmikoetatik eratorritako erradiazio handia baino, eta zientzialariek alde hori egiaztatu dute Voyager 2 espaziontziaren barruko tresnak erabiliz.

Voyager 2 da lau planeta erraldoiak (Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno) bisitatu dituen espaziontzi bakarra. 16 ilargi berri ere aurkitu ditu, baita Europako azalera izoztuaren arrakalak (Jupiterreko ilargia) eta planeta erraldoi bakoitzaren eraztunen xehetasunak ere.

ESTE AÑO NOS HAN DEJADO

STEPHEN HAWKING

2018ko martxoaren 14an, Stephen Hawking kosmologoa, astrofisikoa, fisiko teorikoa eta dibulgatzaile zientifikoa hil zen.

22 urte zituela alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten, eta, medikuek 2 urte baino ez zela biziko iragarri bazuten ere, 76 urtera arte bizi izan da. Gaixotasun horrek haren mugikortasuna mugatu zuen, baina Hawkingek aurrera jarraitu zuen bere jarduera zientifikoarekin, munduaren inguruan bidaiak eginez bere ikerketen berri emateko.

Hawking gogoan hartuko da aurrerantzean, batetik, XX. mendeko bi teoria handi —erlatibitatearen teoria eta teoria mekaniko kuantikoa— bateratzen ahalegindu zelako, eta, bestetik, zulo beltzen gainean egindako lanarengatik.

1988an argitaratu zuen “Denboraren historia laburra, Big Bang-etik zulo beltzetara” liburuan, Hawkingek kosmologiako hainbat gai azaldu zizkien espezializaziorik gabeko irakurleei, hala nola Big Banga, zulo beltzak, argi-konoak eta supersoken teoria. Dibulgazio zientifikozko liburu salduenetako bat izan zen.

Hainbat eta hainbat sari eta titulu jaso zituen, eta ohore-domina era jaso zuen Isabel II.a erreginaren eskutik.

LUIGI LUCA CAVALLI-SFORZA

2018ko abuztuaren 31n Luigi Luca Cavalli-Sforza italiar biologo eta genetista hil zen.

Medikuntzan lizentziatu bazen ere, laster murgildu zen biologia eta genetikarekin lotutako ikasketetan. Munduko aditu handienetako bat da populazioen genetikaren alorrean, eta, bereziki, giza espeziearen zuhaitz genealogikoari buruzko azterlanak egin zituen.

Gure geneek giza historiaren eta populazioen antzinako joan-etorrien arrastoak daramatzatela adierazi zuen. Aitzindaria izan zen horretan. Diziplina anitzeko ikuspegi berri bat ireki zuen giza genomaren azterketan, askotariko diziplinak uztartuz, hala nola demografia, antropologia, estatistika, arkeologia eta linguistika. Diziplina anitzeko ikuspegi bat defendatzen zuen giza eboluzioa ulertzeko.

Ikerketa-eremu berri bat sortu zuen, demografia populazioaren odol-taldeen analisiekin uztartuz. Gainera, populazio primitiboei buruzko ikerketa genetikoak egin zituen, Afrikako pigmeoei buruzkoak adibidez.

Haren azterlanek goitik behera aldatu zuten gure jatorriak ulertzeko modua, eta medikuntza modernoaren oinarriak ezarri zituzten. Gizakiaren historia berreraiki zuen, eta giza arrazaren kontzeptuak funts zientifikorik ez zuela ere frogatu zuen, zientifikoki.